Ostargi elkarteak antolatu du ikastaroa, Orioko Udalaren laguntzarekin, eta Rosaura Bravo jostun oriotarrak emango du. Ikastaroaren helburua josteko oinarrizko teknikak ikastea da, modu praktikoan, eta irekia izango da, josten ikasi nahi duten guztiei zuzendua. Ostargik, bereziki, gazteek izena ematea nahi du eta, ahal bada, genero aldetik orekatua izatea, hau da gizonezkoek ere parte hartzea.
Ikastaroa kultur etxean izango da, doan, azaroan hasi eta Gabonak bitartean. Hasiera batean bi hilabetekoa izango da, baina parte hartzaileek nahi izanez gero, luzatzeko aukera ere izango da. Bestalde, ordutegia izena ematen dutenen arabera antolatuko da, baina dagoeneko esan daiteke astean bi ordukoa izango dela.