Poztekoa behar zuena mingostu egin zitzaion Imanol Alguacili. Orioko prestatzaileak igandean bete zituen 38 partida Realeko entrenatzaile gisa, liga oso batean adina. Azkena Getaferen aurkako porrota izanagatik, aldi horretan 60 puntu atera ditu taldde txuri-urdinak haren aginduetara. Urte gehientsuenetan, Europarako sailkatzea ekarriko luke batezbesteko horrek.
Europari so: 60 puntu
Eusebio Sacristanen lekua betetzeko igo zuen Realak Imanol Alguacil 2018ko martxoaren hasieran. Artean Reala B-ko prestatzailea zen, eta estu zebilen lehen taldea. Salzburgek Europa ligatik kanporatu zituen txuri-urdinak, eta Espainiako ligan gain behera hasita zegoen taldea. Espainiako Kopan ere porrot mingarria izan zuen hilabete batzuk lehenago: Bigarren B Mailako Lleidak kaleratu egin zuen, Anoetan irabazita (2-3).
Hain justu, maila hartatik egin zuen jauzia Imanolek, eta haren etorrera susperraldia izan zen Realarentzat. Taldea zuzentzen hasi zenetik sasoia amaitu bitartean, bederatzi neurketa jokatu zituzten donostiarrek, eta irabazi egin zituzten haietatik bost. Sasoia amaitu bezain pronto, bigarren taldera itzuli zen Imanol.
Realaren beste estualdi batean, Jokin Aperribairen zuzendaritzak berriz jo zion atea. Udan Asier Garitanoren aldeko apustua egin zuen klubak, baina bergararraren ibilia motza izan zen: kaleratu egin zuten abendu amaieran. Berriz taldearen gidaritza hartuta, txuri-urdinen norabidea zuzentzea lortu zuen Imanolek. Itzuli orduko, garaipen handia eskuratu zuen Santiago Bernabeun (0-1), eta galdutako sendotasuna eman zion taldeari. Gora eginda amaitu zuen Realak 2018-2019ko sasoia: azkenera arte izan zuen Europan sartzeko aukera, baina Espanyolen etxean galdu egin zuen azken jardunaldian, eta saririk gabe amaitu zuen denboraldia.
Artikulua osorik irakurtzeko, egin klik hemen