Azkenean iritsi zen arraunlari zein zaletuek urduritasunez itxaron duten asteburua. Iragan igandean jokatu zuten Kontxako 12. Banderako lehen jardunaldia, eta emaitzek zapore gazi-gozoa utzi dute Orion.
Emakumezkoen estropadetan, aurreneko txandan aritu zen Orio. Hasieratik jarri ziren Oriokoak estropadaren buruan, eta jardunaldiko denborarik onena egitea lortu zuten. Hala, datorren igandean Kontxako Bandera irabazteko aukera zabalik utzi dute. Itxaso Azkonobieta arraunlariaren esanetan, lehenengo luzean arraunketa hartzea kostatu zitzaien, baina bueltan, hortzak estutu eta errenta handitzea lortu zuten. Orioko nesken traineruari Arraun Lagunak taldeak jarraitu zion atzetik, 6 segundora. Hibaikak (10:54:04) egin zuen hirugarren, eta San Juan (10:56:60) izan zen laugarren. Azken horiek eman zuten ezustekoa, denboraldi hasieran trainerua osatu ezinik ibili ondoren, Orio Arraunketa Elkarteko jubenil mailako zazpi arraunlarirekin osatu baitzuten tripulazioa.
Datorren asteburuan Ohorezko Txandan jokatuko dute Orioko neskek, eta Arraun Lagunak, Hibaika eta San Juan taldeekin arituko dira nor baino nor, Kontxako Bandera irabazteko lehian.
Historia egiteko aukera
Oriok garaipen bikoitza lortu dezake Kontxan datorren asteburuan. Izan ere, gizonezkoen taldea ere sailkatu da Ohorezko Txanda jokatzeko, eta bandera etxeratzeko aukera duen lau traineruetako bat da gaur gaurkoz. Hondarribia, Santurtzi eta Zierbena izango dituzte aurkari.
Iragan igandean lehen txandan jokatu zuen Oriok, Santurtzi, Urdaibai eta Kaiku taldeen aurka, eta eskualdeko trainerua nagusitu zen, 19:25:42 denbora eginda. Dena dela, bigarren txandan aritu zen Hondarribiak sei segundotan hobetu zuen Oriok egindako denbora.
Sailkapenak
Emakumezkoak
- Orio, 10:43,34
- Arraun Lagunak, 10:49,76
- Hibaika, 10:54,04
- San Juan, 10:56:60
- Hondarribia, 11:01,40
- Riveira, 11:04,84
- Donostiarra, 11:05,92
- Zumaia, 11:09,26
Gizonezkoak
- Hondarribia, 19:19,88
- Orio, 19:25,42
- Santurtzi, 19:29,00
- Zierbena, 19:34,82
- Bermeo-Urdaibai, 19:38,92
- Donostiarra, 19:43,18
- Ondarroa, 19:50,30
- Kaiku, 20:13,52