Kilometroak jaialdia urriaren 6an ospatuko dutela eta, Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolak urtean zehar hainbat ekitaldi antolatu ditu, egun handira bidean herria girotze aldera. Ikastola "herritik herriarentzat" sortu zela nabarmendu du Salbatore Mitxelenako zuzendari Belen Muruak, eta hori oinarri izanik, adibidez, ekainerako Hondartza hartu egitasmoa antolatu zuten herriko hainbat eragilerekin. Oraingoan, larunbat honetan, Zarauzko eskubaloi sailarekin lankidetzan, Euskal Herriko Eskubaloi Topaketa egingo dute.
Aritzbatalde kiroldegian jokatuko dituzte partidak, eta goizean hasi eta iluntzera bitartean, hainbat mailatako taldeek hartuko dute parte. Infantil neskak arduratuko dira Euskal Herriko Eskubaloi Topaketa irekitzeaz, 09:00etan. Hala, Orioko eta Zarauzko taldeek neurtuko dituzte indarrak.
Egitasmoko partida nagusia gizonezko helduen Anaitasuna eta Bidasoa taldeen artekoa izango da: euskal derbia. Biak ala biak goi-mailan dabiltza, Asobal ligan. Hala ere, Muruak argi utzi nahi izan du ez zutela jaia partida soil batera mugatu nahi, eta "egun osoko eskubaloi jardunaldi bat antolatu dugu".
"Kilometroetako eta Ikastolako helburuetako bat parekidetasuna denez, nesken eta mutilen partidak tartekatuko ditugu egun osoan", azaldu du Muruak. Hala, Anaitasuna eta Bidasoa taldeen lehiaz gain, emakume helduen norgehiagoka ere izango da, Aiala Zarautzen eta Nafarroa Behereko Irisarriren artean.
Ordutegia
Goizeko saioa doan izango da; arratsaldekoak, berriz, 5 euro balio du helduentzat eta 14 urtetik beherakoentzat euro bat. Sarrerak, leihatilan, 16:00etik aurrera.
09:00-10:00. Infantil neskak: Orio - Zarautz.
10:00-11:00. Infantil mutilak: Usurbil - Zarautz.
11:00-12:00. Kadeteak neskak: Malkaitz - Burlata - Zarautz.
12:15-13:30. Jubenil mutilak: Urduliz - Zarautz.
15:30-16:30. Aniztasun funtzionala: Barakaldo.
17:00-19:00. Helduak neskak: Irisarri - Zarautz.
19:30-21:00. Helduak mutilak: Anaitasuna - Bidasoa.