Zortzi bandera irabazi dituzte guztira aurtengo denboraldian Orio B taldekoek. Ez da marka makala, eta bere saria izan du egindako esfortzuak: KAE 1 ligan izango dira datorren denboraldian. Ohitura den moduan txarangaz lagunduta heldu ziren arraunlariak plazara, lortutako bandera guztiak eskuetan zituztela. Txalo zaparradapean jaso zituzten oriotarrek, eta goraino bete zen plaza arraunlariak jasotzeko.
Lehen taldeak ere izango du bere errezibimendua gaur, izan ere, Boiroko bandera irabazi zuten atzo eta, hala, TKE ligako txapeldun geratzetik oso gertu daude. Berezia izango da gaurko errezibimendua, izan ere, 19:00etan, trainerua erriotik iritsiko da herriko plazara.