Irudietan: I. Karela Torneoa Super Amara Bera Bera taldeak irabazi du

Karkara 2019ko abu. 17a, 13:15

Super Amara Bera Bera eta Barakaldoko HGB Zuazo Eskubaloia taldeek neurtu dituzte indarrak gaur Orion, lagunarteko partidan.

Gaur eguerdian jokatu da, Orio Eragin eskubaloi klubak antolatuta, I. Karela Torneoa, Orioko kiroldegian. Goi mailako partida izan da, gorengo mailan jokatzen duten emakumezko eskubaloi taldeen euskal derbia izan baita. Donostiako Super Amara Bera Bera eta Barakaldoko HGB Zuazo Eskubaloia taldeek neurtu dituzte indarrak norgehiagokan, eta lehia bizia jokatu ondoren, donostiarrak izan dira txapeldunak, 36-25 emaitzarekin.

Partidaz harago, Orio Eragin klubeko arduradunak "oso gustura" daude torneoak herritarren artean izan duen erantzunarekin. "Hondartzarako eguraldi bikaina egiten badu ere, jende dezente bildu da kiroldegian. Espresuki kanpotik partida ikustera etorri direnez gain, oriotar asko gerturatu dira, eta guretzat hori oso garrantzitsua da, klubaren sorrera ospatzeaz gain, klubari bultzada emateko modua baita".

Irailean abiatuko du denboraldia Orio Eragin klubak, eta 80 neskek parte hartuko dute Orio Eragin klubeko talde desberdinetan. "Gaur partidan bildu diren herritarrak, jokalari horien guraso, lagun eta familiartekoak dira, eta oso eskertuta gaude gaur kiroldegian bildu direlako".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide