"Hau ez da txantxa!" lelopean prestatu dute kanpaina Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Emaus Fundazioak. Uztailaren 30etik abuztuaren 4ra, informazio-gunea jarriko dute Orion, Antilla hondartzan. Informazioa banatzeko, tailerrak antolatzeko eta, oro har, herritarren kontzientzia astintzeko.
Ordutegia
Informazio-guneak itsas garraiorako erabiltzen diren edukiontzi handien itxura du eta honako orduetan egongo da zabalik:
- Asteartean, 11:00etatik 14:00etara.
- Asteazkenetik igandera, 16:30etik 19:30era.
Haurrentzako tailerrak
Bi lagun izango dira informazio-gunean: bata jendea hartu eta informazioa banatzeko, eta bestea haurrekin tailerrak antolatzeko. Hiru tailer egingo dira, txikienei zuzenduta:
- Bay Bay Bag. Erabilera bakarreko plastikoen kalteez sentsibilizatzeko.
- Plastikoa, itsasoko espezierik arriskutsuena. Plastikoa birziklatzearen garrantziaz sentsibilizatzeko.
- Bilatu 10 mikroplastiko! Bilaketa-jokoa: haurrek mikroplastikoak aurkitu behar dituzte hondartzan eta gero informazioa ematen zaie plastikoaren degradazioari buruz: zenbat urte behar duen guztiz degradatzeko, arrainei zer kalte egiten dien…