Antilla hondartzara ere eramango dute dispertsioaren aurkako aldarria

Karkara 2019ko uzt. 27a, 15:00

Aurten ere dispertsioaren aurkako elkarretaratzeak izango dira Euskal Herriko hainbat hondartzatan, Etxerat elkarteak antolatuta. Besteak beste Orion jarri dute hitzordua, abuztuaren 4an.

Euskal preso eta iheslari politikoen senideen eta lagunen elkarteak, Etxerat, Euskal Herriko hainbat hondartzatara eramango du berriro dispertsioaren aurkako aldarria. Dispertsioa Stop izenpean, elkarretaratzeak antolatu dituzte abuzturako; hain zuzen, abuztuaren 4rako eta 10erako. Eguerdian izango dira mobilizazio guztiak.

"Euskal preso eta erbesteratuak etxean eta bizirik nahi eta behar ditugulako" heldu diote egitasmoari aurten ere. Etxerateko kideek salatu dute preso zein iheslariez gain "ehunka familiak eta milaka pertsonek pairatzen" dutela "salbuespenezko espetxe politika", eta dispertsioaren ondorioak sufritzen jarraitzea "jasanezina" dela nabarmendu dute.

Geraldia Orion

Besteak beste, Orion jarri dute hitzordua abuztuaren 4rako. Hala, 12:00etan elkartuko dira autopista azpian, Ondatza sarreran. Gero, Antilla hondartzara mugituko dira elkarretaratzea egiteko.

Bestalde, Etxerateko kideek iragarri dute Azpeitiko Loiolan agerraldia egingo dutela abuztuaren 1ean. “Espetxe politikaren amaiera” eskatuko dute publikoki, eta politika horren inguruko txostena helarazioko diote Iñigo Urkullu lehendakariari.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide