Dozenaka txirrindulari igaro da Oriotik, presoen aldeko bizikleta martxan

Karkara 2019ko uzt. 19a, 20:09

Luhusotik Gernikara bidean, Oriotik igaro da gaur euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko bizikleta martxa. Gaur egin dute lehen etapa, Luhusotik Zarautzera, eta bihar Zarauztik abiatuko dira parte hartzaileak, Getariarantz. 

Orain Presoak dinamikaren barruan antolatu du Sarek euskal presoen aldeko bizikleta martxa,eta parte hartzaile ugari pasa da gaur arratsaldean Oriotik. Lehenengo etapa izan da, Luhuson irten eta Zarautzera arte.

17:45erako zegoen jarrita hitzordua Orioko zubian, parte hartzaileei animoak emateko eta baita haiekin bat egiteko ere, horretara animatzen ziren herritarrak. Bizikletan bakarren bat baino ez zaie batu, baina zubian elkartu da jende pixka bat animoak emateko, presoen aldeko ikurrak eskuetan. Xua gurasoekin etxera zioen pankarta ere atera dute herritar batzuek.

Parte hartzaileen artean, adin guztietako gizon-emakumeak. Tartean, baita Getariako alkate Haritz Alberdi (EH Bildu) ere.

Zarautzen amaituko da gaur etapa, eta bihar handik abiatuko dira Getariarantz, eta ondoren Zumaitik pasako dira. Hirugarren egunean iritsiko da bizikleta martxa helmugara, Gernikan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide