Aldapa-Orio zikloturista elkarteko Felix Urain eta Jon Errastik bigarren postua lortu dute Alpe Frantsesetan

Karkara 2019ko uzt. 18a, 10:00

Lehenengo igoeran ezusteko bat izan zuen bikoteak, eta, bigarren etapan galdutako denbora errekuperatu beharra izan zuten.

Aldapa-Orio zikloturista elkarteko Felix Urain eta Jon Errastik bigarren postua lortu dute binakako taldeko kategorian, Alpe D'Huezen –Alpe Frantsesak–. Uztailaren 12tik 14ra ospatu zen hiru eguneko Haute Route froga zikloturistan, bakarka edo binakako mailan parte hartu ahal zitekeen eta Mundu guztiko txirrindulariak izan ziren lehian.

Binakako taldetako mailan, lehena Frantsez eta Australiar batez osatutako bikotea izan zen, bigarren Felix Urain eta Jon Errasti sailkatu ziren eta 3. postua Britaniar bikoteak lortu zuen.

Lasterketa hasiera okerra izan zuten oriotarrek, lehenengo etapan, lehen aldapan (Croix De Fer-eko igoeran) Errastiri atzeko kanbioa hautsi zitzaion eta bide bazterrean jarraitu ezinik geratu zen. Lasterketako asistentzi mekanikoari deitu, eta, beste bizikleta bat utzi zioten lehia jarraitzeko. Denbora galtze handia izan zen ezbeharra eta atzetik aurrerako lasterketa egin behar izan zuen.  Egoera honek, baldintzatu egin zien bigarren eguneko etapako planteamendua eta lehenengo egunean galdutako denbora errekuperatzen saiatu ziren.

Hirugarren egunean. berriz, bakoitzari geratzen zitzaion indarrekin, aurre egin behar izan zioten Alpe D’Huezeko banakako kronoigoerari. Eta azkenean, bigarren postua lortu zuten.

 

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide