Iaz arrakastarekin berreskuratu ondoren, aurten pizgarri gehiagorekin dator herri kiroletako Euskal Pentatloi Txapelketa. Azkena jokatu zenetik 28 urtera egin zuten joan den urtekoa, Azpeitiko zezen plazan, eta aurten toki berean egingo dute berriro, baina parte hartzaile gehiagorekin eta bi jardunalditan.
Iaz, zenbait lesio tarteko, azkenean bost izan ziren irailaren 29an euskal pentatloia jokatu zutenak. Aurtengorako, berriz, hamabi kirolarik eman dute izena. Hain zuzen ere, iazko lehiakideetatik lauk –Xabier Zaldua txapeldunak, Luis Txapartegik, Aratz Mugertzak eta Jon Gisasola Zelai V.ak– errepikatuko dute esperientzia, eta beste zortzi kirolari batuko zaizkie: Xabier Orbegozo Arria V.a, Joxean Olaskoaga Aizperro, Iñaki Errazkin, Jagoba Otaegi, Joseba Otaegi, Kepa Peñagarikano, Beñat Amade eta Osmane Drame.
Parte hartzearen hazkundeak eraginda, bi jardunalditan jokatuko dute aurten Euskal Pentatloi Txapelketa. Irailaren 7an finalaurrekoa izango da; 18:00etan hasita, hamabi lehiakideak ariko dira zezen plazan. Lehen jardunaldi horretako sei onenak sailkatuko dira finalerako: irailaren 21ean, aurreko urtean bezala 22:00etan hasiko da aurtengo txapela nork jantziko duen erabakiko duen saio nagusia. Harri-jasotzea, gizon-proba, aizkora, txingak eta korrika izango dira aurten ere kirolariek landu beharreko probak.
Iaz bi izan baziren –bigarren sailkatu zen Txapartegi aizarnarra eta aurten parte hartuko ez duen Aritz Azpiazu Arria VI.a azpeitiarra–, aurten bost dira euskal pentatloirako izena eman duten Urola Kostako kirolariak: Txapartegi bera, Arria V.a errezildarra, Jagoba Otaegi aizarnarra, Aizperro oriotarra eta Peñagarikano azpeitiarra. Bereziki deigarria da azken bi horien parte hartzea; arraunlari ohia bata eta esku pilotari ohia bestea, biak dira goi mailako kirol lehian zaildutakoak, baina orain arte ez dira inoiz plazaratu herri kiroletako demetan.