Pasa den astean, Orioko Udalak jakinarazi zuen Martxelo eta Ana Mari Manzisidor omenduko dituela ostiralean, Bisiguaren Festako inaugurazio ekitaldian. Anuska Esnal alkateak azaldu duenez, Bisiguaren Laguna saria nori eman erabakitzeko lau alderdietako bozeramaileak bildu zirenean, "aho batez" onartu zuten Manzisidor anai-arrebak omentzea. "Guretzat ohore bat da Ana Mari eta Martxelo bezalako herritarrak izatea, izan nahi dugun herriaren ispilu eta eredu direlako", nabarmendu du Esnalek. "Izan ere, Ana Marik eta Martxelo zenak izugarrizko lana egin zuten, umil eta isilean, beharrean zeuden herritarrekin; eta Ana Mari horretan ari da oraindik ere. Inolako aurreiritzirik eta bigarren asmorik gabe, pertsonen ongizatea bilatzea izan dute ardatz, eta guk eskerrak eman besterik ez dugu".
Herritarren ongizatea helburu
Ia 60 urte daramatza Ana Mari Manzisidorrek Caritas erakundean boluntario, beharra dutenei laguntzen. "Itsas ondareari estu lotutako herri txiki bat garela esaten dugu beti. Gizonak itsasora irteten ziren eta emakumeak, saregile, eskabetxerian, etxea kudeatzen eta haurrak eta adinekoak zaintzen pasatzen zituzten egunak eta gauak", azaldu du Orioko alkateak. Hamarkada askotan zehar, oinarrizko bizi-baldintzak oso gogorrak izan ziren eta, Manzisidorrek gogoan du, duela 50 urte baino gehiago, amerikarrek bidaltzen zuten esne-hautsa banatzen zutela beharra zuten familien artean. "Miseria handia zegoen orduan".
Gaur egun, bizi baldintzak aldatu badira ere, egoera zaila bizi duen oriotar asko dagoela aitortu du Manzisidorrek. "Mota askotako premiak daude. Batzuei, oinarrizko beharrak asetzeko laguntza ematen diegu, janaria edota dirua, baina gaur egun badago, sufrimendu handia sortzen duen beste gabezia bat, bakardadea. Jende asko, oso bakarrik sentitzen da, eta horiei laguntzeko ere bagaude, pertsona horiekin hitz egin eta beren ondoan egoteko".
Hamarkadetan zehar Caritasen boluntario izateaz gain, harreran hartu zituen lau anai-arreba Ana Mari Mancisidorrek. "Gurasoei haurren guraso agintea kendu zieten, eta epaileak esan zigun Bartzelonara eramango zituztela harrera familia desberdinetara. Anai-arrebak elkarrengandik banandu egingo zituztela jakin nuenean, nik neuk etxean hartzea erabaki nuen, denak batera". Batzuk erotuta zegoela esan zioten Manzisidorri: "Nola haziko ditun ba, hireak ez diren lau haur", esaten zioten. Hiru hamarkada baino gehiago pasa dira ordutik, eta gaur egun amatzat dute Ana Mari. "Nik eman nien laguntza eta babesa, bueltan jasotzen ari naiz orain. Helduak dira, familia dute eta beren seme-alaben amona naiz. Oso zoriontsu nago".
Herri-sarea
Anuska Esnal Orioko alkatearen iritziz, herri batek izan dezakeen berezitasunik ederrena da "solidarioa izatea, eta erreza da azaltzen: etengabe saltzen digute zoriontasuna kontsumoak eta
Iritzi berekoa da Ana Mari Manzisidor ere. "Niri pertsona moduan asebetetzen lagundu dit besteei laguntzeak. Askotan keinurik txikienak bizitza aldatu diezaioke beste bati. Herrian laguntzatxoa behar duten bizilagun asko ditugu, eta denok hondar alea jarriko bagenu, zoriontsuagoa izango litzake gure gizartea".