Donosti Cup futbol txapelketako hasiera gazi gozoa izan da Orioko taldeentzat

Karkara 2019ko uzt. 9a, 11:00

B-14 mailako taldeak galdu egin du lehen norgehiagoka 0-5eko markagailuarekin. B-13 mailako taldeak, berriz, irabazi, 5-1.

Atzo eman zioten hasiera Orioko taldeek Donosti Cup 2019 edizioari. Urtero bezala aurten ere etxeko taldeez gain, nazio mailakoek eta atzerrikoek ere hartuko dute parte txapelketan. Orioko Futbol Taldetik bi ordezkaritza izango dira aurten Donosti Cup-en, lehenengo mutil taldeak B-14 mailan jokatuko du, H taldean, 2005etik aurrera jaiotakoek osatuta. Bigarren mutil taldeak, berriz, B-13 mailan, 2006tik aurrera jaiotakoak izango dira.

Bi taldeek atzo jokatu zuten lehen partida. B-14 mailakoek Madrid Union izan zuten aurkari Urnietako futbol zelaian, 0-5 eko markagailuarekin amaitu zen partida. B-13 mailako taldeak, berriz, emaitza hobea lortu du lehen norgehiagoka honetan, 5-1 irabazi zioten oriotarrek Real Union taldeari Zizurkilen.

Gaur jokatuko dituzte bigarren partiduak, B-14 mailakoek Amaikak Bat izango dute aurkari, Zumaiako futbol zelaian goizeko 10:00etan. B-13 mailakoak, berriz, Al-Bustan Palestinarren aurka lehiatuko dira, Lazkaon, eguerdiko 13:00etan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide