Orioko txarangaren inguruan hitz egiteko bilera antolatu du udalak

Karkara 2019ko eka. 25a, 15:30

Urtetan Talai Mendi txaranga aritu da Orioko ospakizunak girotzen, baina udalaren arabera, "azkenaldian nahiko lan izaten da taldea itxuraz osatzeko".

Orioko Udalak antolatuta, herriko txarangaren inguruan hitz egiteko bilera izango da bihar, asteazkena. 18:00etan jarri dute hitzordua, udaletxean.

Udalak azaldu duenez, udan "txarangaren beharra" izaten da herrian, "ospakizunetan jotzeko eta kalea alaitzeko", esaterako, arraunlariei egindako harreretan. Urtetan Talai Mendi txaranga aritu da herriko ospakizunak girotzen, baina dirudienez, "azkenaldian nahiko lan izaten da musikari-taldea itxuraz osatzeko".

Hala, "txaranga indartsua" sortzeko asmoa du udalak, "aurten festa egiteko arrazoiak faltako ez direlakoan". Gaiaren inguruan hitz egingo dute bihar, eta bertaratzera dei egin diete instrumenturen bat jotzen dakiten musikari guztiei. Bereziki, Danbolin Musika Eskolaren bandan aritzen diren herritarrei luzatu diete gonbidapena.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide