Uztailaren 1ean jarriko dituzte salgai Bisiguaren Festarako txartelak

Karkara 2019ko eka. 18a, 19:00

Aurten hiru egunetan izango da Orioko Bisiguaren Festa; uztailaren 12an, 13an eta 14ean. Otorduak eskainiko dituzte urtero bezala, eta oriotarrek uztailaren 1ean izango dute erreserbak egiteko aukera.

Aurten ere Bisiguaren Festa antolatu dute Orion, hamabigarrenez. Berrikuntzak izango dira oraingoan, izan ere, hiru eguneko jaia izango da; uztailaren 12an, 13an eta 14ean. Hala, aurreko urteetan ostegunetan egin izan den afaria bertan behera geratu da.

Orioko Plazan izango da festa, eta bertan egingo dituzte lau otorduak. Orioko Udalak dei egin die herritarrei otorduetan zein gainontzeko ekitaldi osagarrietan parte hartzera.

Erreserbak aldez aurretik

Oriotarrek otorduetarako erreserbak egiteko aukera izango dute, uztailaren 1ean, hain zuzen. Udalak azaldu duenez, egun horretan soilik oriotarrek egin ahalko dituzte erreserbak. Turismo bulegora deituta (943 835 565) eman ahalko dute izena, 10:00etatik 13:00etara edota 16:00etatik 18:00etara.

55 euro balioko du otordu bakoitzak, eta hala, herritarrek bisigua dastatzeko aukera izango dute. Katxiñako Joxe Migel Zendoia, Xixarioko Luis Mari Uranga eta Joxe Mariko Mikel Manterola arituko dira bisigua erretzen. Bestalde, aurtengoan Divinus Catering enpresa arduratuko da jatorduak antolatzeaz, eta menuan parte hartuko dute Oriomar arraindegiak, Errastik, Atxegak, Zipirik, Katxiñak eta Sayalerok.

Ondorengoa izango da menua: Nafarroako zainzuriak, tomate eta hegaluze entsalada, bakailao kokotxak saltsa berdean, bisigua parrilan eta postrea. Edaria eta kafea ere barnebiltzen ditu menuak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide