Aimar Galarragak Urrezko harri-jasotzaileen binakako lehiaren finala jokatuko du gaur

Karkara 2019ko eka. 7a, 15:35

Gaur gauean izango da harri-jasotze txapelketako finala, 22:00etan hasita, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan.

Herri kirol zaleek hitzordu garrantzitsua izango dute gaur gauean Azpeitiko Izarraitz frontoian. Izan ere, 22:00etan hasita, bost final jokatuko dituzte pilotalekuan: 19 eta 23 urtez azpiko aizkolarien banakako txapelketa; Urrezko Aizkolari gizonen banakako lehiakoa; emakumeen trontza txapelketakoa; eta Urrezko Harri-jasotzaileen binakako lehiakoa.

Azken horretan, harri-jasotzaile oriotar batek parte hartuko du, Aimar Galarragak, hain zuzen ere. Hurrengoak izango dira finalean lehiatuko diren hiru bikoteak: Imanol Albizu Goikoetxea eta Xabier Aranburu Guzta Urrestillako bizilaguna; Jon Gisasola Zelai V.a eta Jokin Eizmendi zarauztarra; eta Iñigo Eizagirre Eiza zarauztarrak eta Aimar Galarraga oriotarra.

Finalera joateko sarrerak gaur bertan jarriko dituzte salgai, eta herritarrek 20:30etik aurrera izango dute horiek erosteko aukera frontoiko lehiatilan, 21 eurotan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide