Ekainaren 30erako, igandea, antolatu dute Garai Bateko Arrantzaleen Eguna Orion. Kultur Etxearen atzeko aldean hasiko da eguna, 11:00etatik aurrera; erromeria, dantzak eta kantuak izango dira, Orioko kaleetan barrena. Kultur Etxetik Bikamiotara egingo dute ibilbidea; handik Arkaitzera joango dira, eta ondoren, plazara.
Plaza girotzeko asmoz, sareak, saregileak, antxoa kaxak eta karroak izango dira bertan, eta hiru txoko prestatuko dituzte; Gelatoko zuloan, botika parean eta Paxita inguruan. Bestalde, herriko lau gunetan eskainiko dituzte sardina erreak, eta herri bazkaria ere izango da plazan.
Bestalde, herritarren laguntza eskatu dute antolatzaileek: "Eta zer da herriari eskatzen dioguna? Gurekin batera parte hartzea, figurante modura". Hala, "arrantzalez edo lehorrekoz" janzteko dei egin diete herritarrei, "bai erromerian baita kalean jaiaz gozatuz".