2019ko udal hauteskundeak

"Antolakuntza eta eguneroko lana beharrezkoak dira udalean"

Karkara 2019ko mai. 16a, 15:00

2015eko udal bozetan, Ana Priede (Donostia, 1970) izan zen PSE-EEren Orioko zerrendaburua. Hala, bera da alderdiak azken lau urteetan udalean izan duen ordezkari bakarra. Aurtengo hauteskundeetarako alkategai aurkeztu da berriz, eta erronka zehatzak ebatziz marraztu nahi du datorren agintaldia. "Gizarte politikak jarri behar ditugu martxan udaletik, urgentziaz".

Zein da azken agintaldiari buruz egiten duzun balorazioa?
Zinegotzi modura egin dudan lanari dagokionez, balorazio oso positiboa egiten dut. Agintaldi hasieran helburu batzuk zehaztu nituen; batez ere, estolderia, argiztapena eta zerbitzuak hobetzea zein berritzea. Helburu horiek bete egin dira. Gainontzeko alderdiek babestu egin dituzte mahaira atera ditudan proposamenak, eta gauzatu egin ditugu.

Nolakoa izan da Udal Gobernuaren azken urteetako lana?
Ez dute eguneroko lanik egin eta antolakuntza falta izan da. Horrek ondorio zuzenak ditu udaletxean; hain zuzen, proiekturik ez egotea edota proiektuek aurrera ez egitea. Hainbat zinegotzigo edota batzordetan ez dute ezer landu azken agintaldian. Esaterako, merkataritza eta ostalaritzan 12 bilera ere ez dituzte egin lau urtetan. Kultura eta hezkuntzan sei aldiz bildu dira azken bi urteetan, eta ez dute inolako proiekturik sortu euskara edota hezkuntza sustatzeko.

EAJ-PNVren gobernuaren ardurapean egon dira udalaren batzordeak. Antolaketarik, eguneroko lanik eta arloen arteko komunikazioarik egon ez denez, erdizka gelditu dira herritarrentzat garrantzitsuak diren hamaika kontu. Orain horiei heltzea dagokigu.

Zeintzuk dira zintzilik geratu diren lanak eta proiektuak?
Batetik, Plan Orokorra ez da onartu, eta hil edo bizikoa da hori. Bestetik, udaletxean langileak falta dira, eta ez diote arazoari irtenbiderik eman. Horrek eragin zuzena du bertako funtzionamenduan eta eraginkortasunean. Horretaz gain, nabarmentzekoa da Orioko Udaletik ez dugula gizarte politika bat bera ere martxan jarri. Ez dugu gizarte auzia landu, eta uste dut hori dela zintzilik geratu den gai nagusia.

Harritzekoak eta kezkatzekoak dira herriko pobrezia neurtzeko azterketaren emaitzak. Datuen arabera, Orioko 50 familia goseak egon dira. Gure buruari egin behar diogun galdera da; udaletik zer egin dugu gaizki familia horiek ez jakiteko nora jo dezaketen?

Zeintzuk izango dira zure lehentasunak hurrengo lau urteetako agintaldian?
Beti pentsatu izan dut herritarren ezinbesteko beharrek izan behar dutela gure abiapuntua. Oinarrizko auziak eta arazoak konpontzean, izango dugu harago joateko aukera, baina lehenengo, oinarriari heldu behar diogu. Zerbitzuak eta hirigintza funtsezkoak dira: estolderia, argiztapena, oinbideak eta abar. Dena den, uste dut etengabe aztertu eta ezagutu behar ditugula herritarren beharrak, aldatu egiten direlako.

Arloka lehentasunak zehaztu eta modu eraginkorrean planifikatuz heldu behar diegu. Ezin diegu helburu guztiei aldi berean aurre egin; azkenean, ziur aski bat berari ere ez diogu benetan helduko. Horretarako, gogoa eta borondatea behar dira, eta saiatzea. Aitzakiek ez dute balio.

Baduzu proposamen zehatzik buruan?
Erronka nagusietako bat gizarte politikak abiatzea da. Argi ikusten dut bi neurri zehatz jarri behar ditugula martxan udaletik, urgentziaz: energia-pobreziari aurre egiteko dirulaguntzak eta familia gurasobakarrei zuzendutako dirulaguntzak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide