2007. urteko maiatzean zendu zen Oihana Alkorta abeslaria. Beraz, laster izango da Orioko bizilagunaren heriotzaren 12. urteurrena, eta haren oroimenean, Galerak lan kolektiboa sortu eta argitaratu berri dute Alex Tellok eta beste hainbat musikarik.
Lanaren aurkezpenean Tellok azaldu zuenez, bere lagun Alkortak olerki bat oparitu zion hil baino bi urte lehenago. Olerkia abiapuntu modura hartuta zerbait idazteko iradokizuna ere egin zion, eta hain zuzen, horixe da Tellok egin duena. Zenbait testu idatzi zituen, eta ondoren, musika jarri zien. Prozesu horren emaitza da Galerak.
Besteak beste, sorkuntzan parte hartu dute Lucia Arzallus eta eta Ignacio Arakistain piano-jotzaileek; Aitor Gorosabel, Labrit Zabala, Jun Gurrutxaga eta Xabi San Sebastian abeslariek; Couple, Bihozkada eta Natali taldeek; edota Xabier Sagasta ilustratzaileak.
Ustekabez betetako lana da Galerak. Esaterako, Alkortak Kilometroen diskorako grabatutako Airean idazten dizkizut abestia jaso dute bertan.