Anjel Lertxundi omendu dute Literaturian

Karkara 2019ko mai. 13a, 17:30

Ostiralean eman zioten hasiera letren jaialdiari Zarautzen, 'Jenisjoplin' eleberriaren irakurraldiarekin eta Bertso-Maskaradarekin. Festarekin jarraitzeko, beste hainbat ekitaldiren artean, Anjel Lertxundi idazle oriotarra omendu zuten.

Anjel Lertxundi idazle oriotarra omendu zuten larunbatean Zarauzko Literaturia jaialdian. 25 urte bete ditu bere Otto Pette eleberriak, eta hori aitzaki hartuta, Lertxundiren omenez topa egin zuten Zarauzko Musika Plazan.

Patxi Santamariak eleberrian oinarritutako performance bat eskaini zuen, eta bertaratutakoek txundituta ikusi eta entzun zuten. Segidan, Izaskun Etxabe Literaturiako antolatzaileak oroigarria eman zion Lertxundiri, kioskoaren gainean. Hala esan zion Etxabek oriotarrari: "Omenaldi hau ez da Otto Pettek 25 urte bete dituelako, asko maite zaitugulako baizik". Lertxundik, eskerrak emateaz gain, Salbatore Mitxelena idazlea izan zuen gogoan saria jasotzeko unean. Ezagutu zuen "lehen idazlea" izan zela esan zuen, eta "ohore bat" izango zela igandean berari buruzko mahai-inguruan parte hartzea.

Zarauzko Modelo aretoan izan zen Mitxelenari buruzko saioa, eta Anjel Lertxundik eta Lourdes Otaegik hartu zuten hitza, Alex Gurrutxagaren gidaritzapean. Sara Gabirondok, Libe Gastañaresek, Danel Aizpitartek eta Janet Stangerrek musikatu zituzten Mitxelenaren hainbat poema.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide