2019ko udal hauteskundeak

"Herri izaera mantenduz eta sustraietan errotuz" egin nahi du lan Orioko EAJ-k

Amaia Urbieta Arruti 2019ko mai. 11a, 11:38

Gaur aurkeztu ditu Orioko EAJ-k maiatzaren 26ko udal hauteskundeetara aurkeztuko diren zerrendakideak. Noemi Ostolazak gidatu du saioa, eta Lourdes Salsamendi alkategaiak eta Joseba Egibar Gipuzkoa Buru Batzarreko presidenteak hitz egin dute.

Herriko plazan egin du aurkezpen ekitaldia EAJ-k, dozenaka herritarren aurrean. Noemi Ostolazak Lourdes emakume "langile" gisa deskribatu du. "Guztiok ikusi dugu herrigintzan lanean". 8 urte daramatza udalean Salsamendik, "konpromisoz eta arduraz", bere lana "herriari eskainiz".

Hitzaldiaren ardatzetako bat izan da "herriaren sustraietan errotutako proiektua" dutela. "Oriotarrak errio inguruan sortu eta hazi dira". Horrez gain, beraien hauteskunde programako zenbait proiektu ere azaldu ditu, azpimarratuz, programama "oriotarren artean" osatu dutela. Besteak besgte, bultzatuko dituzte tradizioan eta nortasunean oinarriturik, garai bateko ontzigintza berreskuratzea, "Orio estilora" diseinatutako turismo jasangarria, inklusioaren alde sustatutako enplegua, herritarren eskubideak azaltzen dituen gida, kultur eta kirol proiektuak, herriko plazaren oinezkotzea, baratza herrikoiak... Hau guztia udal "moderno eta garden batek" egin behar duela azaldu du Salsamendik, eta horretarako, herritarrei eskatu die EAJ-ri emateko botoa, beraiek dituztelako aipatu erronkei aurre egiteko "pertsona egokiak". Hain zuzen ere, ondoko hautagaiek osatzen dute Orioko EAJ-ren hautets-zerrenda: Lourdes Salsamendi Goñi, Andoni Torres Martinez, Jon Basurko Sarasua, Amaia Gozategi Urbieta, Jose Javier Gomez de Segura Artze, Eugenio Antonio Cotado Iturain, Ainhoa Usandizaga Zubiaurre, Edurne Elena Etxeberria Sedano, Juan Maria Irastorza Elorza, Miren Elixabet Huegun Arruabarrena, Maria Angeles Genova Solabarrieta, Leandro Azkue Mujika eta Noemi Ostolaz Arcauz.

Segidan, Gipuzkoa Buru Batzarreko presidenteak hartu du hitza. Eskerrak emanez hasi du hitzaldia, politikan dabilen jendeari. Azaldu du alderdiaren "babesa eta behar denean akuilua" izango dituztela beren proiektuekin aurrera egiteko. Maiatzaren 26an botoa ematerakoan "etxeko" bi aukera bereiztu ditu Egibarrek. Azaldu du nola, EAJ-k "beti egin duen bide demokratikoaren alde", eta "bere garaian bide hori hautatu ez zuten horiek orain Gernikako estatutuaren defentsan" datozela esan du. Hala, Ezker Abertzalearen sinesgarritasuna zalantzan jarri du jeltzaleak. Horrez gain, EH Bildurekin hitzartzeko dituzten "zailtasunak" azaldu ditu. "Eusko Legebiltzarrean ez da piosible hitzarmenik, beraien porrota ikusten baitute islatuta gure proposamenetan". Amaitzeko, esan du "herrigintza" dela politikaren "motorra", eta EAJ-k "herri honen interesak" defendatuko dituela bertan, Madrilen eta Europan. Botoa eskatu du alderdi jeltzalearentzat, eta txalotua izan den "gora Euskadi askatuta!" ozenaz burutu du ekitaldia.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide