Irailean emango diote hasiera Gipuzkoako Bertsolari Txapelketari. Bertan kantuan nor ariko diren erabakitzeko, Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasea jokatuko dute 84 bertsolarik; ostegunean, maiatzak 4, hasi eta maiatzaren 25ean amaituko dute.
Maiatzaren 5ean, igandea, bi saio izango dira sailkapen fasearen barruan; hain zuzen, Anoetako Mikelasagasti Auditorioan eta Orioko Kultur Etxean. Sei bertsolarik abestuko dute Orion, 17:00etatik aurrera: Asier Azpiroz Iztuetak, Oier Aizpurua Olaizolak, Urko Egaña Calderonek, Andoni Otamendik, Joseba Andoni Agirre Orbegozok eta Jokin Irastorza Zabalegik.
Bertsolariek bost ariketa osatu beharko dituzte:
- Binaka, gaia emanda, zortziko handian, hiruna bertso
- Binaka, gaia emanda, zortziko txikian, hiruna bertso
- Bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian, bina bertso
- Bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, bina bertso
- Kartzelako lana: binaka, gaia emanda, hamarreko txikian, hiruna bertso
Bertso saioetako sarrerak egunean bertan salduko dituzte, Orioko Kultur Etxean. Lehiatila 16:00etan zabalduko dute, eta sarrerak zazpi euro balioko du. Bazkideentzat eta gazteentzat, berriz, bost eurokoa izango da kostua. Bertsozale Elkartetik zehaztu dute gaztetzat hartuko dituztela 6-16 urte bitartekoak.