Datorren asteartean, apirilak 23, irekiko dituzte berriz Orioko Udal Liburutegiko ateak. Otsailean abiatu zituzten liburutegia egokitzeko lanak, eta bi hilabeteko epean amaitu dituzte. Hala, lanak bukatuta, martxan jarriko dute berriz zerbitzua. Lehenengo astean, 09:00etatik 13:00etara irekiko dute.
Orioko Udalak azaldu duenez, apal guztiak aldatu eta metalezkoak jarri dituzte, kolore zurikoak. Mahaiak, aulkiak eta bestelako altzariak ere berritu egin dituzte, eta haurrei zuzendutako txoko berri bat eraiki dute. Kristalezko itxitura baten barruan kokatu dute txokoa. Bestalde, kristalezko ate automatikoa jarri dute liburutegiko sarreran. Elementu osagarri batzuk jartzea falta da oraindik, eta aurreikusi dutenez, datozen asteetan amaituko dituzte lanak bere osotasunean.
Obra hauek aurrera eramateko, guztira, 50.000 euro erabili ditu udalak.