Lankidetzarako aukera berriak identifikatzeko asmoz, Bidasoako 5 ekimen aurkeztuko dira Zarauzko saioan

Karkara 2019ko api. 8a, 11:15

Bidasoa Bizirik Garapen Agentziarekin elkarlanean garatuta da Networking, Industria Sortzailea  Bidasoa-Urola Kosta goiburu daraman ekimena.

Bidasoa Bizirik Garapen Agentziarekin elkarlanean garatuta da Networking, Industria Sortzailea  Bidasoa-Urola Kosta goiburu daraman ekimena. Ezagutzak partekatu eta sarean lanean (networking) jarri nahi dira Bidasoa Txingudi eta Urola Kostako sortzaile, artista, eragile eta sektoreko enpresak. Eskualde arteko zubiak eraiki eta lankidetza nahiz parte-hartzeari helduta antolatu dira sortzaileen arteko topaketak. Ekimenaren helburua da lankidetzarako aukera berriak identifikatzea, sormen industrietako sektoreko enpresen iraunkortasuna bermatu eta lehiakortasuna hobetzen lagungarri izango delakoan.

Lankidetza-truke egitasmoa bi saiotan gauzatuko da. Lehenengoa, Zarautzen izango da; hain zuzen ere, datorren ostegunean (apirilak 11). Arratsaldeko 17:30ean hasita, bi ordu inguruko jardunaldia egingo da Urola Kostako Udal Elkartean bertan.

Eta dagoeneko zehaztu dira Bidasoako zein 5 esperientzia aurkeztuko diren lehen saio horretan. Guztiak ere ekimen arrakastatsuak; zalantzarik gabe, beren jardun-sektorean erreferentziazkoak. Beren kasu eta jardunak aurkeztu eta, jarraian, eskualdeko artista eta sortzaileekin esperientziak elkartrukatzeko aukera izango dute. Asmoa da bi eskualdeetako kultura eta sormen alorreko eragileek elkarrengandik ikastea, eta ahal den heinean, lankidetzarako aukera berriak identifikatu, oinarriak zehaztu eta zubiak eraikitzea.

Ondorengoak dira saioan aurkeztuko diren Bidasoako proiektuak:

DIBULITOON S.L.: Estatu mailan nahiz nazioartean ospe handiko ikus-entzunezkoen ekoiztetxe independentea da. 1991an sortu zenetik, nagusiki hiru negozio-bide jorratzen ditu: jokoak, ikus- entzunezko ekoizpenak (animazio ekimenak, gehienbat) eta liburugintza. Bere azken lana; Elkano, lehen mundu bira” animaziozko film luzea izan da.

BIDASOAKO IDAZLEEN ELKARTEA: Bidasoa eskualdeko idazleen ikusgarritasuna helburu duen ekimen kolektiboa.

ETORKI GAMES S.L.: 2013an sortutako bideojoko estudioa. Batez ere, izaera sozialeko jokoak garatzen dituzte; bereziki gailu mugikorretarako eta hainbat jokalarik parte hartzeko modukoak.

ARTEFAKTO: Hainbat sorkuntza diziplinetatik datoz sustatzaileak. Auzo-lagunen parte-hartzean oinarrituta, hiri-gune publiko "degradatuak" berreskuratzeko egitasmo berritzailea da.

GURE GOURMET: Sortzaile, ekoizle eta herritarren parte hartzean oinarrituta, bertako produktuen sustapena helburu duen ekimena.
Bi saioen xedea da Urola Kostako eta Bidasoako sormen industrien sektoreetako enpresen lankidetza harremanak landu eta sakontzea, interes komunak definitzea eta sormen industrien sektoreko enpresen eta sektore horrekin lotura duten beste sektoreetako enpresen arteko lankidetzarako irizpideak eta orientabideak zehazten laguntzea. Horretarako, bi eskualdeetako hainbat eragilek azken urteetan landu edota garatutako jarduera eta esperientziak elkartrukatuko dituzte. Beren esperientzietan oinarrituta, elkarrengandik ikasi eta lankidetza bide berriak jorratzeko asmoz, praktika onak eta ekinbide arrakastatsuak partekatuko dira. Bigarren topaketa saioa maiatzaren 30ean, Irunen izango da. Datozen asteetan jakinaraziko da Urola  Kostako zein eragile eta profesionalek hartuko dute parte.

Argibideak eta izen-ematea
Udal Elkartetik eskualdeko artista eta sortzaile guztiei luzatu nahi zaie gonbidapena; ekimenean parte
hartu eta saioetarako izena eman dezaten.
Informazio gehiago jaso nahi izanez gero, idatzi iezaguzu e-maila bat edo jarri harremanetan telefono
bidez:
Enpresentzako Zerbitzuak (Idoia Etxarri, Eli Uzkudun)
enpresa@urolakosta.eus
Tel. 943890808

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide