21. Korrika

Korrika Kulturalaren programa zehaztu du Orioko Korrika batzordeak

Karkara 2019ko mar. 27a, 15:00

Apirilaren 14an Gasteizen egingo da Korrika bukaerako festa, eta bertara joateko autobusa antolatu du Urola Kosta.

Orioko Korrika batzordea urtarrilean hasi zen biltzen, aurtengo Korrikarekin lotutako jarduerak antolatzeko, eta azken bileran zehaztuta utzi zuen Korrika Kulturalaren aurtengo programa. Hurrengoa izango da:

MARTXOAK 28, OSTEGUNA
- 20:00. Olatz Salvador abeslariaren kontzertua kultur etxean. Sarrerak ahituta daude dagoeneko.

APIRILAK 3, ASTEAZKENA
- 18:30. Txillardegiren Klika dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia Salatxo aretoan.

APIRILAK 6, LARUNBATA
- 16:30. Hitz-Pasa jokoa (euskararekin eta Korrikarekin zerikusia duten galderen jokoa) kultur etxean, Txurrumuski aisialdi elkarteak antolatuta, bi eskoletako LH1 eta LH6 arteko haurrei zuzenduta.

APIRILAK 12, OSTIRALA. ORIO KORRIKA!
- 11:00. Korrika Txikia herriko kaleetan barrena, bi eskoletako haurrekin. Bukaera Herriko Plazan emango zaio 12:00ak inguruan.
13:47. KORRIKA iritsiko da Orioko plazara. Zarauztik barrena etorriko da eta Aginaga aldera joango da gero.
- 19:00. Bertso-saioa Gabon tabernako tunelean: Orioko eta Azkoitiko bertsolariak: Iñaki Gurrutxaga (Orio), Egoitz Eizagirre (Orio), Unai Izagirre (Azkoitia) eta Eneritz Artetxe (Azkoitia).
- 21:00. Afaria eta bertso zaharrak Gure Etxea elkartean. Menua entsalada eta gisatua izango da. Afalostean Errikotxiako kideek bertso zaharrak abestuko dituzte, Imanol Urkizuk gitarrarekin lagunduta. Afari-txartela aldez aurretik erosi behar da kultur etxean, 15 euroren truke.

 

KORRIKEROAK apustua
Zergatik Ez taldeko neskak Orioko plazatik aterako dira korrika Aginaga aldera, Korrikarekin batera, eta apustugileek asmatu beharko dute zenbat kilometro egingo dituen urrutien iristen denak.

Bestalde, Urola Kosta eskualdetik autobusa antolatuko du AEK-k, apirilaren 14an Gasteizen egingo den KORRIKAren bukaerako jai-ekitaldira joateko. Autobuserako txartela aldez aurretik erosi behar da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide