"Hautagai berriekin elkarlanean jardun nahi genuke, datozen hilabeteotan"

Karkara 2019ko mar. 27a, 18:00

Orio Arraunketa Elkarteko presidente Ibon Huegun. (Urola Kostako Hitza)

Orio Arraunketa Elkarteak zuzendaritza berria aukeratzeko prozesua abiatuko du irailean.

IBON HUEGUN - Orio Arraunketa Elkarteko presidentea

Zuzendaritza berria aukeratzeko prozesua abiatuko duzue irailean. Zer dela-eta?
Elkarteko estatutuen arabera, lau urtetik behin zuzendaritza berria aukeratzeko hauteskundeak deitu behar dira. Guk 2011n hartu genuen elkartearen gidaritza, eta zortzi urte daramagu karguan. Dena dela, lehen agintaldia bukatzera zihoanean, urteko batzar orokorrean bazkideei azaldu genien gustura geundela zuzendaritzan, eta beste hautagaitzarik aurkezten ez bazen, beste lau jarraitzeko prest geundela. Hautagaiak aurkezteko prozesua ireki zen, eta inor aurkeztu ez zenez, zuzendaritzan jarraitu genuen.

Gaur egun, gure bigarren agintaldia amaitzear da, eta lehengo ostiraleko urteko batzar nagusian bazkideei azaldu genien elkarteko zuzendaritzan aldaketa bat ematea beharrezkoa dela. Ez dugu pisuzko arrazoirik zuzendaritza uzteko, elkartea egoera onean baitago. Dena dela, hausnarketa egin dugu, eta ez gara beste lau urte elkarteko zuzendaritzan ikusten. Aldaketa elkartearentzat osasungarria eta aberasgarria izango dela iruditzen zaigu.

Bazkideak animatuko al zenituzke elkartearen gidaritza hartzera?
Norbaitek Orio Arraunketa Elkartearen gidaritza hartzeko ilusioa badu, guregana etorri daiteke eta laguntzeko prest gaude. Hautagai berriekin elkarlanean jardun nahi genuke, datozen hilabeteotan, trantsizio natural eta osasungarri bat eman dadin.

Elkartearen zuzendaritzan egin dituzuen zortzi urteen zer balorazio egiten duzue?
Nik bi ardatz nabarmenduko nituzke. Kirol arloa eta gizarte arloa. Alde batetik, kirol arloan elkartearen zutabe garrantzitsuenak indartu ditugula uste dugu. 2011n elkartearen gidaritza hartu genuenean, Orioko gizonezkoen txalupak KAE 1 Ligan jokatzen zuen, maila galdu baitzuen. Hasieratik, gure helburu nagusia Orioko gizonezkoen trainerua goi mailan kokatzea izan da, eta lortu dugu. Gaur egun, TKE Ligan egonkortuta dago Orio, eta azken zazpi urtetan ohorezko txandan aritu gara gainera. Horrez gain, hamar urteren ondoren Kontxako Bandera irabaztea lortu genuen 2017an.

Horrez gain, arraunketa olinpikoan Espainiako Txapelketa ere irabazi zuen iaz mutilen zortzikoak, eta uste dugu Orio Arraunketa Elkartearen aulki mugikorreko filosofiari jarraipena ematea lortu dugula.

Bestalde, emakumezkoen arraunari ere bultzada handia eman diogu. Azken hamar urtetan emakumezkoen trainerua uretaratzea lortu dugu, eta mailari dagokionean behetik gora egin du gainera taldeak.

Eliteko kirola indartu dugu, baina harrobia ahaztu gabe. Orio Arraunketa Elkartearentzat ezinbestekoa izan da beti harrobiko lana, eta horri eutsi diogu, aulki mugikorrean eta tostako arraunketan gazte mailan emaitza bikainak lortuz. Arraun elkartearen egitura osoa osasuntsu dagoela esan dezakegu.

Gizarte arloan egindako lana ere aipatu duzu.
Arraun elkartea eta herria uztartzeko hainbat kanpaina abiatu ditugu. Arraun elkartea herriko eragile garrantzitsua dela uste dugu, eta ildo horretan hainbat ekimen antolatu ditugu.  
 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide