Orioko zortzikoak Londresen estropada jokatuko du larunbatean

Karkara 2019ko mar. 27a, 13:00

2003an Head of the River Race estropada jokatu zuen zortzikoa. (Joxemari Olasagasti)

Head of the River Race izeneko estropadan parte hartuko du Orio Arraunketa Elkarteko senior mailako gizonezkoen zortzikoak.

Londresko Head of the River Race estropadan izango da larunbatean Orio Arraunketa Elkarteko senior mailako gizonezkoen zortzikoa. 1926an egin zen lehen aldiz aulki mugikorreko estropada garrantzitsu hau, eta senior mailako gizonezkoen zortzikoek bakarrik parte hartu ohi dute bertan. Gehienez 420 parte hartzaile biltzen ditu, eta atzerriko 60 ontzi bakarri onartzen dituzte antolatzaileek.

Aurten 311 zortzikok parte hartuko dute erlojuaren aurkako estropadan, eta oriotarrak 44. postuan aterako dira irteera puntutik. 6,8 kilometrotako ibilbidea osatu beharko dute Tames ibaian barrena, Londoneko Mortlake auzotik Putney auzora arteko ibilbidea, hain zuzen ere. Orio Arraunketa Elkartetik zehaztu dutenez, "Oxford-Cambridge estropadan egiten den ibilbidea bera da, baina aurkako noranzkoan egina".

Oriotarrak Londonen
Larunbatekoa ez da Orioko zortzikoak Head of the River Race estropada jokatzen duen lehen aldia izango. Izan ere, aurretik Orioko arraunlariak bost aldiz izan dira: 2003an 21. postuan sailkatu ziren; 2005ean 38. postuan; 2009an 23.nak izan ziren eta 2010ean 19. helmugaratu ziren.

Horrez gain, 2004an eguraldi txarragatik estropada bertan behera utzi zuten antolatzaileek, historian lehen aldiz. Dena dela, 30 taldek proba egitea erabaki zuten, tartean oriotarrek. Urte horretan 9. postuan sailkatu zen Orioko zortzikoa.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide