Eguneko Zentroko ile-apaindegia berritu du Orioko Udalak

Karkara 2019ko mar. 26a, 15:00

Eguneko Zentroko ile-apaindegia

2005ean Eguneko Zentroko ile-apaindegia ireki zutenetik, Orioko Udalak ez zuen berrikuntzarik egin bertan.

Orioko Udalak Eguneko Zentroko ile-apaindegian hainbat aldaketa egin ditu. Martxoaren 11tik 15era lanean aritu dira langileak, eta itxura berritua du orain. Orioko Udaletik jakinarazi dutenez, Eguneko Zentroko ile-apaindegiak berritu baten premia zuen; "izan ere, 2005ean ireki zenetik ez zen bertan berrikuntzarik egin". Beraz, hainbat aldaketa egin dituzte.

Alde batetik, gortinak jarri dituzte leihoetan. "Eguzkiak bete-betean jotzen du ile-apaindegiko lokalean eta asko berotzen zen. Lizaso dekorazio-dendak jarri ditu gortinak, eta guztira, 298 euroko (BEZa barne) kostua izan dute".

Bestetik, barruko paretak eta sarrerako ateak ere pintatu dituzte. "Udal-brigadak egin ditu lan horiek eta, guztira, 200 euro (BEZa barne) gastatu dira pinturatan. Horrez gain, altzari berriak, aulkiak eta mostradorea jarri dira". Negredo Group enpresari erosi dizkio Orioko Udalak altzariak, eta 3.305,48 euroko kostua izan du, (BEZa barne).

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide