Ostiralean urteko batzarra egin zuen Orio Arraunketa Elkarteak, kultur etxeko areto nagusian. Hainbat gai aztertu zituzten bertan, eta 65 bazkide bildu ziren bileran. Besteak beste, elkarteko zuzendaritzak denboraldiko emaitzak errepasatu zituen, eta elkartearen egoera ekonomikoa izan zuen hizpide. Batzarrean azaldu zutenez, 2018an 581.726,69 euroko diru-sarrerak izan zituen Orioko arraun elkarteak, eta gastua 576.630,37 eurokoa izan zen; beraz, 5.096,32 euroko balantze positiboarekin bukatu zuen 2018 urtea Orio Arraunketa Elkarteak.
Bestalde, 2019ko aurrekontuari dagokionez, 588.800 euroko diru-sarrera espero du zuzendaritza taldeak, eta gastua 591.825 eurokoa izatea aurreikusi du.
Elkarteko zuzendaritza berria aukeratzeko ordua
Eskari eta galderen atalean, zuzendaritzako kideek jakinarazi zuten "beren zikloa amaitu dela". Elkarteko estatutuen arabera, lau urtero presidente hautaketa egin behar da, eta gaur egungo zuzendaritzak 2018 urte amaieran zortzi urte bete zituen elkartearen gidaritzan. Beraz, uste dute aldaketa egiteko garaia iritsi dela.