Ezustekoa eman zuten Orioko piano ikasleek Andoainen

Karkara 2019ko mar. 4a, 18:00

Andoaingo piano-jaialdian parte hartu zuten ikasleak, Audra Almanaityte irakaslearekin.

Orioko piano ikasle batek jaialdia baino astebete lehenago eskua hautsi zuen arren, jo behar zuen piano obra moldatu, eta jendaurrean eskaini zuen.

Otsailaren 16an eta 17an Andoaingo 14. piano-jaialdia egin zen Bastero kulturgunean, eta Danbolin Musika Eskolako 13 piano-jotzailek parte hartu zuten ekimenean. Audra Almanaityte irakasleak azaldu duenez, "espero baino emaitza hobeak" lortu zituzten Orioko piano ikasleek jaialdian. "Piano jaialdiak bi helburu ditu; alde batetik, musika eskolok ezagutzen dugu gainontzekoetan egiten den lana, eta bestetik epaimahai batek baloratzen du ikasleen lana. Nire ustez  ondo baloratuta itzuli ginen Andoaingo jaialditik, eta oso gustura gaude lortutako emaitzekin".

Almanaityteren esanetan, piano ikasleek borondatez parte hartu ohi dute Andoaingo piano-jaialdian. "Lehen urtetan zenbait ikasle behartu egin behar izaten genituen jaialdian parte hartzeko, baina azken urtetan hautazkoa izaten da. Ikasleek erabakitzen dute joan nahi duten edo ez; horregatik, joaten direnak gustura joaten dira, eta normalean egindako lanaz harro bueltatzen dira etxera".

Aurtengo edizioko bitxikeria
Aurten, Andoaingo piano-jaialdia baino aste bete lehenago ezustekoa izan zuten Orioko Danbolin musika eskolan, Uxue Etxeberria piano ikasleak eskua hautsi baitzuen jaialdirako astebete falta zenean. Uxue Etxeberriak eta Beza Ijurkok urte dezente daramate bikote moduan pianoa lau eskuetara jotzen, eta aurtengo Andoaingo piano-jaialdirako ere mota horretako obra bat prestatu zuten bi ikasleek. "Oso ondo ulertzen dute elkar, modu berean sentitzen baitute musika, eta oso bikote ona osatzen dute pianoan", azaldu du piano irakasleak.

Dena dela, hitzordua baino egun gutxi lehenago, Uxue Etxeberriak istripua izan zuen eta eskua hautsi zuen. "Ni neuk baztertu egin nuen bikoteak Andoaingo piano-jaialdian parte hartzeko aukera, baina ezusteko atsegina eman zidaten ostegunean, Uxue Etxeberriak bi eskuko partitura esku batekin jotzeko moduan moldatu zuela esan zidatenean". Ostiralean, joan ziren Etxeberria eta Ijurko moldatutako lana irakaslearen aurrean jotzera, eta Almanaityte harrituta geratu zen emaitzarekin. "Lan bikaina egin zuen Uxue Etxeberriak lana moldatzen, eta bi ikasleak larunbatean Andoaingo piano-jaialdian parte hartzera animatu nituen".

Oztopoak oztopo, lau eskutara jo behar zuten obra hirutara jo zuten jaialdian, eta epaimahaiak egindako lana aitortu zien, urrezko domina emanez. "Gainera, epaimahaiko kideak piano ikasleengana gerturatu ziren, egindako lanagatik zoriontzera".

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide