Martxoaren 8an

Orioko ikastetxeek emakume eta gizonen parekotasunaren aldeko elkarretaratzea egingo dute martxoaren 7an

Karkara 2019ko mar. 1a, 10:30

Gaur goizean aurkeztu dute ekimena Orioko Udaleko eta ikastetxeetako ordezkariek.

Orioko Zaragueta Eskolako eta Orioko Ikastolako ikasleak, irakasleak eta gurasoak plazan bilduko dira martxoaren 7an, 11:30ean.

Orioko Zaragueta Eskolako eta Orioko Ikastolako ikasleek, irakasleek eta gurasoek elkarretaratzea egingo dute martxoaren 7an, Herriko Plazan, gizon eta emakumeen parekotasunaren aldeko mezua zabaltzeko. 11:30ean izango da, eta gaur goizean aurkeztu dute ekimena Orioko udaletxean.

Orioko ikastetxeek eta udalak antolatu dute aldarrikapena. "Gaur egun asko aurreratu da gure gizartean emakumeen eta gizonen eskubide eta aukera berdintasunaren ikuspuntutik; baina oraindik bide luzea geratzen da egiteko eta, bide horretan aurreratzen segitzeko, ezinbestekoa da gaiari buruzko gogoeta kalera ateratzea eta herritarrak arazoaz jabetzea. Horretan lagundu nahi dugu ekitaldi hau elkarrekin antolatu dugun talde eta erakundeok", azaldu dute.

Martxoaren 7an, Herriko Plazan bilduko dira Lehen Hezkuntzako 1. mailatik hasi eta DBH 4. mailara bitarteko ikasle, irakasle eta gurasoak. Ondoren, eskolako eta ikastolako DBH4ko bi gaztek adierazpen bat irakurriko dute udaletxeko balkoitik, emakume eta gizonen parekotasunaren alde. Eta segidan, gaiari buruzko bertsoak kantatuko dituzte plazan bildutako guztiek.

Gainera, hamar ikas mailetako ikasle guztiek parte hartuko dute jende-katean: guztira, 700etik gora haur eta gaztetxok.

Gaia eskoletan lantzen
Emakumeen Nazioarteko Eguna, egun bakarreko ekimena izan ez dadin, Orioko bi ikastetxeetako ikasleek parekotasunaren gaia landu dute gelan egun hauetan. Ildo horretan, Orioko Udalak eskerrak eman nahi dizkie bi ikastetxeei, "garrantzizko gai hau elkarrekin lantzeko egiten duten esfortzuagatik eta erakusten duten inplikazioagatik".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide