Zabalik dago epea, familia ugarien hobariak eskatzeko

Karkara

Hobariaren eskaera egiteko, udal-bulegoetara jo behar da otsailaren 28a baino lehen, 8:30etik 14:30era, astelehenetik ostiralera.

Orioko Udalak, urtero bezala, hobariak edo bonifikazioak onartu ditu familia ugarientzat, Ondasun Higiezinen Zergari dagozkionak.

Interesatuek otsailaren 28a arteko epea dute hobari horiek eskatzeko udal-bulegoetan.

Familia ugaria direla akreditatuta daukatenek etxebizitza BATENTZAKO eska dezakete hobari edo bonifikazio hori, etxebizitzaren balio katastrala gehienez 180.000 eurokoa baldin bada eta baldintza hauek betetzen badituzte:

  • Etxebizitza familia ugariaren ohiko bizitokia izan behar du eta familiako kideek bertan erroldatuta egon behar dute.
  • Familia ugariko inork ezin du izan beste ondasun higiezin baten jabe.

Hiru hobari

Aplikatuko diren hobariak hauek izango dira:

  • 3 seme-alaba dituzten familiei %52,50eko hobaria aplikatuko zaie.
  • 4 seme-alaba dituzten familiak: %63ko hobaria aplikatuko zaie.
  • 5 seme-alaba edo gehiago dituzten familiak: %73,50eko hobaria aplikatuko zaie.

Eskaera nola egin

Hobariaren eskaera egiteko, udal-bulegoetara jo behar da otsailaren 28a baino lehen, honako ordutegian: 8:30etik 14:30era, astelehenetik ostiralera.

Bertan emango zaien instantzia bete beharko dute interesatuek eta udal-bulegoetan aurkeztu honako dokumentazioarekin batera:

  • Familia ugariaren txartela.
  • Ondasun Higiezinaren gaineko Zergaren azken ordainagiria ordaindu izana akreditatzen duen agiria.
  • Zinpeko aitorpena, adieraziz familiako inor ez dela beste ondasun higiezin baten jabe.

Hobariaren eskaera urtero aurkeztu behar da.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide