Osasun-zentroko atea berritu du Udalak eta Eguneko zentroko kanpoko eremua zabaldu

Karkara 2018ko abe. 27a, 09:35

Orioko Udalak osasun-zentroko eraikinaren atea berritu du, irisgarritasuna hobetzeko. Sarrerako ate zaharra kendu eta, batetik, ate automatiko berria instalatu du; eta, bestetik, segurtasuneko pertsiana jarri du. Atea Erreka enpresak jarri du eta egindako lan guztien kostua (atea, pertsiana eta elektrizitate-lanak) 8.250 eurokoa izan da, BEZa barne.

Horrez gain, Orioko Udalak zenbait egokitzapen egin ditu eraikinaren kanpoko aldean, Eguneko zentroko erabiltzaileek eremu hori aprobetxatu ahal izan dezaten. Belardiaren eremua txikiagoa izango da orain eta irabazitako lekua irisgarria izango da. Dagoeneko oso aurreratuta daude lanak eta aste honetan bertan bukatuko dira, barandaren faltan (eremu osoa baranda batez inguratuko da, bertako erabiltzaileen segurtasunerako).

 

Lanak Aizperro igeltserotza-enpresak egin ditu eta 24.600 euroko kostua izan dute, BEZa barne.

Hobekuntzak helduen ile-apaindegian
Eraikin berean kokatuta dagoen helduentzako udal ile-apaindegian, bestalde, hobekuntzak egingo ditu Udalak zenbait ekipamendutan (gortinak, armairuak…). 650 euro bideratuko dira horretara.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide