Orioko Udalak argiteria publiko osoa berrituko du

Karkara 2018ko abe. 18a, 12:15

Udalak 250.000 euroko diru-laguntza jasoko du IDAE-FEDER Europar funtsetatik, eta LED erako argiak jarriko dituzte, argiteria erregulatzeko sistema berriak instalatzeaz gain.

Orioko Udalak datozen bi urteetan Orioko argiteria publiko osoa berrituko duela jakinarazi du. 500.000 euroko inbertsioa egingo du horretarako, eta kopuru horren erdia jasoko du diru-laguntzatan. Hain zuzen ere, lanak burutzeko 250.000 euro bideratuko dituzte IDAE-FEDER Europar funtsetatik. Diru-laguntza jasotzeko zehaztutako baldintzen arabera, bi urtetan amaitu beharko dituzte lanak; 2020. urtean, alegia.

LED erako argiak jarriko dituzte, eta argiteria erregulatzeko sistema berriak ere instalatuko dituzte. Udalak azaldu duenez, elektrizate-kontsumoan gehiago aurreztea ahalbidetuko dute azpiegitura berriek; kontsumoa %80 jaitsi daiteke, urtean 55.000 euro inguru aurreztuz.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide