'Motxila etorkizunez bete' erakusketa ikusgai datorren astean, kultur etxean

Karkara 2018ko aza. 16a, 12:30

Presoen aldeko Orioko taldeak eta Sare elkarteak erakusketa antolatu dute Orioko kultur etxean, Dispertsioff jaialdiaren barruan. Azaroaren 20an Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna da eta, hori dela-eta, hainbat ekitaldi antolatzen ari ditu Sare Herritarrak elkarteak Euskal Herri osoan.

Erakusketa azaroaren 19tik 25era bitartean izango da ikusgai Orion, eta kultur etxea zabalik dagoen orduetan bisitatu ahalko da.

‘Motxiladun’ haurrek bizipenak

Euskal presoen urrunketa dela-eta, asko dira astebururo milaka kilometro errepidean egin behar dituzten haurrak, beren aisialdia eta atseden-garaia autobusean aita edo ama bisitatzen pasatzen dutenak. Haur horien bizipenak irudikatu nahi ditu erakusketak, ikuslea haien azalean jartzeko.

Erakusketak hiru gune eskaintzen ditu: batetik testigantza errealetatik ateratako bizipenak irudikatzen dituzten 12 marrazki daude; bestetik haur eta familien egoeren berri emateko roll-up informatiboak egongo dira eta, azkenik, gune interaktiboan, zentzumenetatik haurrak jasotzen duena irudikatu nahi izan dute.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide