Epaimahaiaren arabera, hauek izan dira, besteak beste, Elhuyar aldizkaria saritzeko arrazoiak: Euskara zientziara begira jarri eta zientziaren berri euskaraz ematea ahalbidetu duen hedabidea da. Halley kometa, osasun- eta medikuntza-gaiak, teknologia mekanikoa eta digitala, biologia... Gai horiek eta beste asko euskaraz jorratu eta zabaldu ditu.
Orion bizi den Aitziber Agirre Elhuyar aldizkariko zuzendaria da, eta berak jaso zuen ostiralean oroigarria Juan Ignacio Pérez Iglesiasen eskutik. Aitziberrek lantalde osoaren izenean eskertu zuen saria. Halaber, eskerrak eman zizkien urtez urte aldizkaria babestu duten guztiei, eta aldizkariak egiten duen lana gogorarazi zuen: zientzia eta teknologiari buruzko informazioa gizarteratzea, ikuspegi kritiko eta irizpideduna sustatzeko asmoz.
Oriotarrak Rikardo Arregi Kazetaritza Sarietan
Sariketaren 30 urteko ibilbidean, bi oriotar izan dira sarituak. 1992an Iñaki Iturain herri aldizkarien sailean, KARKARAren 10.zenbakian argitaratutako `Oriotarrak eta soldaduzka´erreportajeagatik. Lau urte geroago, 1996an, Jakes Goikoetxea saritu zuten kazetari berrien sailean, Euskaldunon Egunkarian argitaratutako `Bereizketan denak galtzaile´lanagatik.