Ordu eta erdi pasatxo iraun zuen saioan, Bernardo Atxagak eta Oskar Alegriak hainbat kontu izan zituzten hizpide, baina batik bat, bi puntu izan zituzten ardatz: batetik, garai zailetan Jorge Oteitzak euskal kulturan eragin zuen iraultza esanguratsua, eta bestetik, artistak errealitatea begiratzeko zuen ikuspegi propio eta apurtzailea.
Bi hizlariek izandako solasaldiaren ostean, han ziren entzuleek tertulian parte hartzeko aukera izan zuten, eta beste ordu erdiz luzatu zen saioa. Bukatutakoan, hizlariek txalo zaparrada jaso zuten, eta publikoan bildutako iritzien arabera, saioa oso ederra izan zen; zehazki, herritar batek halaxe definitu zuen iluntzea: Luxua izan da. Horrelako gehiago behar ditugu herrian.