KARKARAk 30 urte beteko ditu 2019ko ekainean, eta urteurrena ospatzeko ikasturtean zehar hainbat egitasmo antolatuko dituzte. Urrian esaterako, Jorge Oteiza jaio zela 110 urte beteko direla aprobetxatuz, kultur elkarteak Oteiza Astea antolatu du, Orioko Udalarekin elkarlanean.
Gaur hasi eta igandera bitartean egingo da Oteiza Astea, eta hainbat kultur jarduerek osatuko dute egitaraua. Gaur, asteartea, esaterako Bernardo Atxaga idazleak eta Oskar Alegria kazetari eta zinemagileak Oteizaren inguruko solasaldia eskainiko dute Arraunetxean, Oteizarekin batetik bestera izenburupean.
19:00etan hasiko da saioa, eta sarrera irekia izango da. KARKARAko kideek herritarrak solasaldira gonbidatu dituzte, "Orion jaio eta nazioarte mailan ezaguna den artista eta haren lana ezagutzeko aukera aproposa" izango dela uste baitute.