Jon Salsamendi: “Estropadetan ez da lehertu taldearen potentziala”

Karkara 2018ko urr. 3a, 20:00

Jon Salsamendiren iritziz, entrenamenduetan taldeak maila oso ona erakutsi du, baina estropadetan ez dute errendimendu bera ematen asmatu.

Hizketan hasi orduko, Jonek bere egin du aurtengo denboraldian traineruak esperotako emaitzak ez lortzearen ardura. Hala ere, entrenatzaileak oso ontzat jo du taldeak urte guztiko entrenamenduetan egindako lana: mutilei ezin diet gehiago eskatu, beren inplikazioa eta bakoitzak izandako hobekuntza ikaragarriak izan dira.

Zein balorazio egiten duzu denboraldiaz?

Estropadak hasi aurreko hilabeteetan, lan bikaina egin zuen taldeak. Arraunlari bakoitzaren datu objektiboak oso onak ziren udaberrian, iazkoak baino hobeak; estropalariei aurten lehorrean neurtutako datuak ez ditu edonork lortzen. Potentzial hori uretara eramaten asmatu dugu entrenamenduetan, baina estropadetan ez. Taldearen potentzialagatik eta iaz lortutako emaitzengatik, aurtengo denboraldirako espektatiba batzuk genituen, eta ez dira bete. Eta noski, aurkariei ere ezin zaie ezer kendu. Aurtengo maila oso altua izan da.

Azalpen teknikorik ba al du estropadetan erakutsi duzuen erregulartasun faltak?

Ikuspuntu teknikotik, palada oso efektiboa lortu dugula iruditzen zait. Arraun egiteko modu hori, ordea, oso exijentea da teknikoki; alegia, gidoi jakin batetik ez ateratzera behartzen du estropalaria. Teknika horrek errendimendu ikaragarria ematen du uretan, arraunketa mantenduz gero; aldiz, arraunketa galtzen bada, taldea nahikoa salduta geratzen da. Zarauzko estropadan gertatu zena da horren adibide garbiena. Ikuspegi teknikotik, gehiegitan atera gara gidoitik arraunketari dagokionean.

Zerk eraman dezake arraunlaria arraunketa galtzera?

Hor dago koxka. Neurtu ezin diren faktore asko daude: urduritasuna, antsietatea... Ligako lehen estropada ez zen ona izan guretzat, eta psikologikoki ez genuen ondo kudeatu emaitza. Hurrengo asteetan horren ondorioak jasan genituen, ia uda osoa baldintzatzeraino. Aipatu bezala, arraunlarien maila indibiduala ikaragarria izan da aurten, baina estropadetan ez da esperotako errendimendua eman.

Errotazioek zein eragin izan dute?

Talde izaera aldetik, ez gara indartsu egon. Ligaren bigarren asterako ziurgabetasuna antzeman zitekeen barruan. Hor sartzen da nire ardura. Aurten oso garesti egon da tripulazioan sartzea, eta kirolari batentzat, egoera jakin batzuetan zaila gerta daiteke aldaketak ondo kudeatzea. Agian, talde bezala ez dugu nahikoa kohesio izan, eta horretan ni izan naiteke asmatu ez duena.

Datorren denboraldian Orion izango al zara?

Oraindik urtebeteko kontratua dut, eta klubak hala nahi badu, hemen izango naiz beste urtebetez. Noski, zuzendaritzaz gain, arraunlarien iritziak ere aldekoa izan beharko du horretarako.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide