Ailegatu da ordua, txapa jarri eta txipa aldatzeko. Zenbat aldiz aritu ote gara erdaraz parekoak ulertzen ez duela uste dugulako? Zenbat aldiz galdetu ere egin gabe badaezpada ere erdaraz? Zenbat aldiz inertziaz, ohituraz?
Oraindik orain, ohikoak dira koadrilan, kiroldegian edo portaletako bileretan, esate baterako, horrelako egoerak. Eta uste baino errazagoa dela esango nuke inertziak aldatzea. Horretara dator Euskaraldia, ariketa kolektibo berritzailea. Datua da, gainera, Gipuzkoan batez ere, eta gurea bezalako herrietan bereziki, euskaraz egiten ez, baina ulertzen dutenen kopurua handia dela; horietako askok, esan ezkero, euskaraz egitea nahiago lukete gehienek, beregatik denak gaztelerara pasatzea baino.
Eta zer pasatzen da norbaitek ez duela ulertzen esaten badu? Ba, ezer ez. Jakina, berarekin gazteleraz egin, eta taldean bagaude, belarrira itzuliz adibidez, bideak bilatu besteen hizkuntza baldintzatu gabe deseroso ez sentitzeko. Hemen bizi bada gainera, mesede egiten ari garela esango nuke, belarria egiten joaten baitira.
Hitz egitera ausartu eta hanka sartzeko lotsa ere gainditzen errazagoa da horrela, beregan konfiantza jartzen ari garelako, besteak beste.
Izen ematea irekia dago, ausartak izan eta gure buruarekin gusturago egoteko garaia da. Hartu kontrola, aukeratu rola!