Orioko Ibain Esoainek irabazi du Zarauzko XXXIV. Basarri saria, 'Siga saga' izeneko bertso-sortarekin. Zazpina puntuko zortzi bertso dira, Xabier Amurizaren ‘Neska zaharrak eta apaizak’ doinuan, eta Aarantza munduari buruzkoak dira. Hona hemen hasierako alea:
Afizioak izaten dira
arimaren jarabeak
bakoitzak dauzka bereak.
Nik maite ditut zira urdinak
ta katiuska berdeak (bis)
Bereizten ditut ilargi-aldiak
ur biziak ur bareak
Argi bat diz-diz eramaten dut
aztertzen ditu mareak
zer ekarriko sareak
Txitxare batek mugitzen dizkit
sabeleko txitxareak
Xabier Euzkitzek bereganatu du bigarren saria, 'Behar haut, putakumea' izeneko bertso-sortari esker. Genero indarkeria izan du ardatz, eta honakoa da azkenengo bertsoa:
Izter gaineko zumea,
Sorbaldako beltzunea…
Izuak begirunea,
Ekaitz ostean fereka, muxu,
Berba samurren unea,
Oparien perfumea,
Maitale-tratu xuemea…
Behar haut, putakumea!
Datorren asteartean, irailak 4, izango da sari banaketa. Kale Nagusiko Basarri eskulturaren parean elkartuko dira, 19:00etan. Bertan izango dira bi sarituak.