Traineru denboraldia 2018

Gorka Aranberri: "Atzo etxean irabaztea ikaragarria izan zen, eta bultzada emango dio taldeari"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2018ko uzt. 23a, 13:21

Gorka Aranberri agintarien ontzian garaipena ospatzen (Iban Egiguren/Karkara.com)

Igandean Orioko gizonezkoen traineruak ligako lehen garaipena lortu zuen, etxean. Estropadan zehar bizitako sentipenak kontatu ditu Gorka Aranberri patroiak. 

GORKA ARANBERRI- Orioko gizonezkoen traineruko patroia

Estropada estua izan zen igandekoa. Nola bizi izan zenuten traineru barrutik?
Telebistan ikusi zen bezala, estropada hasiera-hasieratik oso estua izan zen; lau ontziok pare-parean arraun egin genuen uneoro, eta inork ez zuen lortu besteengandik ihes egiterik. Estropada oso gogorra izan zen. Arraunlariek beren lana egiten dute estropadero, baina aurkaria momentuero alboan ikustea eta ihes egin ezin dezakezula  sentitzea, oso estresantea izaten da. Amaiera arte ez zen erabaki bandera nork lortuko zuen, eta azkenean guk irabazi genuen 18 ehunenekogatik. Oso gustura gaude egindako lanarekin, eta uste dut banderaren bat irabazteko beharra ere bagenuela. Atzo etxean irabaztea ikaragarria izan zen, eta bultzada emango dio taldeari.

Etxean jokatzeak indar berezia ematen al du?
Larunbatean ere estropada borobila atera zitzaigun, eta banderatik bost segundura geratu ginen. Bandera irabazteko gogotsu geunden, eta itsasoko estropada eremu berrian ederki moldatu ginen.Horrez gain, Orioko zale ugari bildu zen eremuan, eta indarra eman ziguten estropadan. 

Ligako lehen estropadatik mailaz igotzen joan zarete pixkanaka. Joera hori jarraituz gero, bandera gehiago irabazteko aukera izango duzuela uste al duzue?
Guk orain arte bezala goraka segitzea espero dugu, eta horretarako gogor lanean ari gara, gainera. Dena dela, kontutan hartu behar da ligan aurkari gogorrak ditugula, eta horiek ere hobetzen jarraitu nahiko dute. Beraz, ikusi beharko dugu hobetzeko zenbaterainoko tartea dugun guk, eta beraiek. Denborak esango du aurrerantzean banderarik irabaziko ote dugun, edo nahi horrekin geratuko garen.

Nola ikusten dituzu aurkariak?
Oso indartsu daude. Urdaibaik bederatzi estropadetatik zazpi irabazi ditu; Hondarribiak beste bat, eta Zierbena irabazleengandik oso gertu dabil. Horrez gain, bigarren txandako Cabo ere lan bikaina egiten ari da. Nik uste dut, aurten, beste urtetan ez bazala, sailkapeneko erdiko postuaetan dauden taldeak oso indartsu daudela, eta edozein momentutan ezustekoa eman dezaketela.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide