Eguraldi ederra lagun, eguerdi aldera jende asko bildu da gaur Orioko plazan. Urtero bezala, Bisigu Egunaren egitarauaren barruan marmitakoa banatu dute 12:30ak aldera. Pixkanaka, 13:00etarako plaza inguruak jendez bete dira, Kataluniako Castellers de Vilafranca taldearen ikuskizunaz gozatzeko.
Kataluniarrek lau giza dorre ezberdin egin dituzte; bigarrenean, Euskal Herrian zuten errekorra hautsi dute, bederatzi pisuko dorrea eginez. Horretarako, taldekideek hainbat herritarren laguntza izan dute.