UNAI LIZARRALDE
Hamahiru urte eta gero, Orio Arraunketa Elkarteko senior mailako zortzikoak Espainiako Txapelketa irabazi du. Espero al zenuten garaipena lortzea?
Txapelketa batera aurkezten garenean beti joaten gara irabazteko asmoz. Bagenekien maila ona genuela, eta irabazteko borroka horretan egotea espero genuen.
Nola izan zen estropada?
Guk ostiralean jokatu genuen sailkapen estropada Sevillako taldearen aurka, eta kanpoan geratu ginen. Hasieran estropadaren buruan jarri ginen, baina andaluziarrek aurre hartu ziguten. Finalean berriz, indartsuago atera ginen; mila metroetara aurretik iritsi ginen, eta atakea jo zutenean eutsi egin genien. Jarraian, guk jo genuen atakea, eta ihes egin genuen, garaipena lortuz.
Aurreko urteekin alderatuta, indartsuagoa al dago aurten zortzikoa?
2014an Banyolasen bertan jokatu zen Espainiako Txapelketan garaipena lortzetik oso gertu izan ginen, ehunekoengatik irabazi ziguten. Aurten 2014ko eta 2015eko txapelketetan baino esperientzia gehiago dugu, eta hori nabaritu egiten da uretan. Jakin bagenekin aurreko Espainiako txapelketetan zein akats egin genituen, eta horiek ekiditen saiatu gara.
Aulki Mugikorreko Espainiako Txapelketa urtero jokatzen da, baina guk ez dugu urtero zortzikoa osatu. Iaz esaterako, laukoan jokatu genuen Sevillan egin zen Espainiako Txapelketa, eta garaipena lortu genuen.
Uste duzu Jon Salsamendik bultzada eman diola aulki mugikorrari?
Bai, Salsamendiri asko gustatzen zaio aulki mugikorra, eta hori antzeman egiten da. Zortzikoa uretan ikusten duen bakoitzean barre txikia ateratzen zaio. Nik uste dut aulki mugikorrarekiko duen grina arraunlarioi helarazten digula entrenamenduetan eta txapelketetan. Eusko Label traineruen liga hasi zenean esaterako, gurekin zegoen Banyolasen, eta horrek aulki mugikorra aintzat hartzen duela esan nahi du.
Zuk aukeratu behar bazenu, zer hautatuko zenuke, aulki mugikorra edo tostako arraunketa?
Jakin badakit traineruak herri osoaren babesa duela, eta udan zehar adi-adi jarraitzen dituztela oriotarrek txaluparen estropadak. Dena dela, nik neuk kirol bezala nahiago dut aulki mugikorra. 13 urte daramatzat arraunean, eta aurtengoa irabazi dudan bigarren Espainiako Txapelketa izan da. Aitortu behar dut, oriotarren artean uste baino oihartzun zabalagoa izan duela zortzikoaren garaipenak; herritarren babesa eta animo hitzak jaso ditugu.
Hurrengo urteari begira ere, zortzikoaren aldeko apustua egingo al duzue?
Ez da erraza zortzikoa osatzea, arraunlari askok nahiago baitute tostako arraunketa. Denboraldi hasieran Salsamendik bilera egin zuen arraunlariokin, eta gure asmoez galdetu zigun banan-banan, presiorik gabe. Aurten osatu dugu zortzikoa, baina ez dakit datorren urterako zein asmo dituzten gainontzeko arraunlariek. Ni neu zortzikoarekin uretara ateratzeko irrikaz nago.