Sevillan gaztetxoen aulki mugikorreko Espainiako Txapelketa jokatuko da, uztailaren 6tik 8ra, eta lehenbizikoz zortziko inklusibo batek parte hartuko du bertan, Berdin-Berdinak elkarteko arraunlarien zortzikoak, hain zuzen ere. Kadete mutilen maila parte hartuko dute txapelketan, eta Orioko Arraunketa Elkartearen fitxarekin lehiatuko dira.
Horrez gain, Berdin-Berdinak elkarteko beste bi ontzi ere lehiatuko dira txapelketan: neska infantilen skull bikoitza eta neska infantilen skiffa. Azken bi horiek Donostiako Ur Kirolak taldearen fitxarekin arituko dira.
Berdin-Berdinak elkartetik azaldu dutenez, Iñaki Arratibel entrenatzaileak "lan handia egin du gure arraunlariak prestatzen eta ilusioz hartu du Sevillako erronka".
Bidea urratzen
Berdin-Berdinak elkarteko zortzikoak Euskadiko Txapelketan ere parte hartu zuen, baina hitzordu horretarako ontzi misto bat aurkeztu zuen Berdin-Berdinak elkarteak, neskek eta mutilek osatutakoa. Dena dela, Espainiakorako mutilek osatutakoa aurkeztu dute, araudiak hala eskatzen zuelako.
Elkartetik eskerrak eman dizkiete proiektua babesten duten laguntzaile guztiei, baita elkarteko neska-mutilei ere, esperientzia hau bizitzeko aukera emateagatik.