Gipuzkoako Surf Federazioak lurralde mailako txapelketa antolatu du datorren astebururako Donostian, eta bertan aurkeztuko dute Gipuzkoako Surf Selekzioa. Txapelketa selekzioen bilgune izatea ere nahi du surf federazioak, eta Gipuzkoako Surf Selekzioari ongi-etorria emateko estatu mailako hainbat surf selekzio gonbidatu dituzte Donostiara. Gipuzkoako Surf Federazioko lehendakari Maialen Saezek azaldu duenez, "Galiziako, Asturiasko eta Kantabriako selekzioak hemen izango dira, eta lagunarteko txapelketa bat jokatuko dute igandean. Izan ere, garrantzitsua iruditzen zaigu txapelketaz gain, surflariak beraien artean ezagutzea, momentu onak partekatzea eta kiroltasunez taldea izaera sortzea”.
Txapelketa Donostian izango bada ere, Asturiasko, Galiziako eta Kantabriako selekzioetako kideek Orioko Kiroldegian hartuko dute ostatu asteburuan, Gipuzkoako Surf Federazioaren eta Orioko Udalaren elkarlanari esker.
Gipuzkoako Surf Txapelketaren eta Gipuzkoako Surf Selekzioaren aurkezpena ostiral arratsaldean izango da, Donostiako Tabakaleran.