'Hilda dago. Hiru urtetik hona itzaltzen joan da'
Zumarragatik etortzen gara ostegunero produktuak saltzera. Orain dela hiru urte hasi nintzen etortzen; lehen askoz jende gehiago gerturatzen zen azokara. Oso itzalia dago merkatua orain; goizeko 11:00ak arte ez da ia inor egoten. Lehen izugarri gustatzen zitzaidan azoka hau, giro itzela egoten zelako, eta gustura etortzen nintzen. Orain, gogoz kontra hurbiltzen naiz askotan. Egia da aurten ez duela eguraldiak lagundu, horregatik adineko pertsona asko etxean geratzen da.
MIriam Egea
'Kalitate oneko haragia eta bakailaoa daude'
Ez naiz astero etortzen, baina noizean behin, azokak erakarrita, etxetik atera eta bueltatxo bat ematen dut bertan, giroaz gozatu eta prezio onean dauden garaiko produktuak erosteko. Esaterako, haragia eta bakailaoa oso kalitate onekoak dira, eta bi postu horiek azokara etortzen direnetan, erosketa egiten dut. Arropa ere noizean behin erosten dut, etxerako jantziak, zapatilak... Denda handietan baino, nahiago dut hemen erosi. 30 bat urte badira azokara etortzen naizela.
Mari Jose Hernandez
'Tradizio bihurtu da ostegunetako azoka'
Hamabi urte daramatzat merkatura etortzen. Jende gaztea ez da animatzen azokara. Egia da ama asko etorri ohi direla seme-alabekin karga eramaten laguntzeko, baina beren kabuz ez dira etortzen. Gazteriak ez du ikusten eta balioan jartzen bertan eros daitezkeen tokiko produktuen kalitatea. Dena eginda ematen zaie gaur egun. Markak gustatzen zaizkie bakarrik, ez dute beste ezertan erreparatzen. Orokorrean giro ona izaten da azokan, urte asko daramatza herrian; tradizio bihurtu da.
Francisco Diez