Mandalara elkarteak Chikung CFQ lantzeko bi ikastaro antolatu ditu. CFQ-aren sortzailea Sifu Yap Soon Yeong-en ikaslea izan zen Alex Arellanok zuzenduko ditu saioak, eta bertan diziplinaren oinarrizko printzipioak, exagramaren 7 mugimendu eta beste hainbat mugimendu osagarri, energi fluxuak esperimentatzen, blokeoa hautematen eta desegiten eta CFQaren sanazioaren sarrera ikasiko dituzte ikastaroetan parte hartzen dutenek.
Chikung CFQ Txinako medikuntza tradizionalean oinarrituta dago, eta Mandalaratik jakinarazi dute Chikung CFQ diziplinaren mugimenduak egunero eta modu jarraian egiten badira "gaixotasun eta ebakuntza ondorengo errekuperazio prozesuan" laguntzen duela. Gainera beste hainbat gaixotasun arintzeko ere balio dutela azaldu dute, besteak beste "estresa, antsietatea, nekea, lo egiteko arazoak, depresioa, min fisikoa, diabetesa, artritisa, bihotzeko eritasunak, mareoak, migrañak, bertigoa, migraña, hilerokoaren gora-beherak, antzutasuna, menopausia, gizentasuna, gota, erditu ondorengo depresioa, bizkarreko mina, ziatika, hipertensioa, infekzio kronikoak, memoriaren galera, adineko gaixotasunak".
Izena ematea zabalik
10 orduko ikastaroa egiteko bi aukera aurkeztu ditu Mandalarak. Alde batetik, ekainaren 21ean, 28an eta uztailaren 5ean (ostegunetan) egingo dute lehen ikastaroa. Eta bestetik, uztailaren 7-8ko asteburuan, larunbatean eta igandean, goiz partean izango da bestea.
Ikastaroak Mandalara elkartearen lokalean izango dira, eta plaza kopurua mugatua denez, aldez aurretik izena eman beharko dute ikastaroren batean parte hartu nahi dutenek. Horretarako 686 95 70 27 telefono zenbakira deitu, edo alexcuerpoyenergia@gmail.com helbidera idatzi dezakete interesa dutenek.