Hainbat trafiko murrizketa izango dira larunbatean Zarauzko Triatloia dela eta. N-634 errepidea itxi egingo dute Zarauztik Oriorako noranzkoan, 16:00etatik 17:45era bitartean. GI-3161 errepidea, aldiz, 16:10etik 18:00etara itxiko dute; Ubegun industriagunetik Lokate baserriraino. Lokate baserritik Oriorako noranzkoan, aldiz, GI-3710 errepidea 16:15etik 18:15era moztuko dute. Bestetik, Txurrukarako bidea bi norabideetan itxiko dute, 16:30etik 18:45era.
Bitarte horretan hainbat neurri hartzeko proposamena egin du antolakuntzak. Zarauztik Oriora iristeko, esaterako, autopistaz Aritzetako norabide aldaketaraino joan, eta handik buelta egitea gomendatu dute; Orioko ordaintokian irteteko. Aiatik Oriora iristeko, aldiz, Arrutiegia auzotik barrena pasatzeko aholkatu dute. Andatza edo Santiotik ezin izango dute Oriora joan 16:30etik 18:00era bitartean, eta Arrutiegiatik joateko gomendatu diete horiei ere.
Oriotik Aia aldera irteteko, Santiotik, Andatzatik, Zudugarai gainetik eta Laurgainetik barrena joan ahal izango da. Zarautz aldera joateko, aldiz, N-634 errepidea izango da zabalik uneoro.
Garraio publikoan ere eragina izango du lasterketak. 15:55ean Donostia aldera doan autobus zerbitzua kendu egingo dute, baita 16:30ean Zumaia aldera doana ere. Bestetik, Oriotik irten, Aiatik pasa eta Zarautzera doan 16:45eko autobusa ere kendu egingo dute. Kontrako norabideko 17:55eko autobus zerbitzua ere ez da izango.
Larrialdi kasuren bat izanez gero, anbulantziek eta suhiltzaileek lasterketako ibilbidean sartu ahal izango dutela jakinarazi dute.