Teknifikazio proiektua eta Gipuzkoako Surf Selekzioa aurkeztu ditu GSFk Arraunetxean

Karkara 2018ko mai. 30a, 20:10

Argazkia: Ane Roteta.

Imanol Yeregi surflari zumaiarra izango da arduradun teknikoa, eta Aitor Francesena 'Gallo'-k aspektu emozionala landuko du kirolariekin.

Goi mailako errendimenduko formatu “berri eta eraginkorra” sortu du federazioak. Imanol Yeregi surflari zumaiarra izango da proiektuaren arduraduna. Maialen Saez federazioko zuzendariaren hitzetan, “freskoa” da Yeregi, beharrezko formazioa du, eta txapelketetan bete-betean sartuta dago. Bestetik, Aitor Francesena ‘Gallo’ surf egokituko munduko txapelduna aspektu psikologikoaz arduratuko da. Top 44 postura igotzea lortu duen surf entrenatzaile gipuzkoar bakarra dela aipatu du Saezek. Hala, garaipenak eta porrotak lantzen erakutsiko die zarauztarrak surflari gazteei. Bi entrenatzaileak aproposak direla uste dute federaziokoek: “Biek eskarmendu handia dute landu behar dituzten arloetan, eta inspirazio eta erreferentzia izango dira gure surflarientzat”.

Bestetik, aipatutako prozesuaren “emaitza” aurkeztu dute; Gipuzkoako Surf Selekzioa. Ranking ofiziala eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasun irizpideak hartu dituzte kontuan selekzioa osatzerako orduan. Maddi Aizpurua, Bitor Garitonandia, Julen Susperregi, Xabier Lopez, Luken Korta, Kai Odriozola, June del Campo, Arene Basurto, Mikele Beato, Janire Gonzalez, Silke Martinez eta Lara Dominguez izango dira selekzioa osatuko duten hamabi surflariak.

Imanol Yeregik ilusioa agertu du proiektuaren aurrean, eta harrobitik kalitatezko eta surflari lehiakorrak ateratzeko motibazioa erakutsi du. ‘Gallo’-k ere pozik eutsi dio bere ardurari: “Proiektu guztiak garrantzitsuak dira niretzat eta oraingo hau ezta gutxiago ere. Gazteekin lan egitea oso emozionantea da niretzat, nire partetik dena emango dut eta nire helburua gazteei gauzak argi hitz eginda, surflari bakoitzaren helburu eta desio pertsonalak lortzen laguntzea izango da”.

Bestetik, datozen txapelketen berri eman du Saezek. Donostian jokatuko da uztailaren 6, 7 eta 8an Gipuzkoako Txapelketa, eta Deban, Orion eta Zumaian emango diote jarraipena. Irabazleek Pro Zarautz 2019 lehiaketan jokatzeko gonbidapena eskuratuko dute.

Aurkezpenean izan dira Maddi Aizpurua eta Xabier Lopez selekzioko kideak ere. Yeregi eta ‘Gallo’ eredu “ezin hobeak” direla uste du Lopezek. Aizpuruari, aldiz, “pedagogikoagoa eta konpletoa” iruditzen zaio proiektua.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide